Beste garaipen bat Elorri Aldaparentzat
Hernanin 50 eta 65 irabazi zuten eta larunbatean 16:15ean ZAST Zarautzen aurka jokatuko dute etxean
Lau jardunalditan lau garaipen. Hori da Elorri Aldaparen denboraldi hasiera honetako balantzea. Alegiarrek Hernanin jokatu zuten eta 50 eta 65 irabazi zuten. Orain arteko partidarik gogorrena izan zen larunbatekoa. Aurrean talde gaztea, azkarra eta intentsitate handian jokatzen duena topatu zuten alegiarrek. Dena den, Elorri Aldapa ondo sartu zen partidan eta lehen laurdenaren amaieran bost puntu aurretik ziren, 6 eta 11. Bigarrenean, talde lan on batean oinarrituta, tarte hori zabaltzea lortu zuten eta atsedenaldi luzera 14 eta 28 iritsi ziren. Hernaniarrek joko gogorra egin zuten eta partida nahasten saiatu ziren. Uneren batean Elorri Aldapako jokalariak joko horretan murgildu ziren baina burua hotz mantentzea lortu zuten. Talde lanean oinarrituriko hiruzpalau minutu onekin, etxekoen ahalegin guztiak bertan behera uztea lortzen zuten.
Hirugarren eta laugarren laurdenetan aldeari eustera eta jokalari guztien artean minutuak banatzera mugatu ziren alegiarrak. Aurkariaren joaldiak ondo kontrolatu zituzten eta azkenerako 50 eta 65 irabazi zuten. Hori bai, larunbatekoak balio izan die talde lanik egiten ez bada, partidak irabaztea zaila dela jabetzeko. Jaurtiketa erraz ugari huts egin zituzten alegiarrek eta gabezia hori talde lanarekin estali zuten. Taldeko arduradunek esan duten moduan, ondo etorriko zaie larunbateko partida, datozen jardunaldiei begira.
Hain zuzen ere, larunbatean 16:15ean ZAST Zarautzen aurka jokatuko dute etxean. Alegiarrak sailkapeneko lehen postuan dira lau partidak irabazita eta zarauztarrak hirugarrenak dira, hiru garaipenekin. Talde historikoa da aurkaria eta Elorri Aldapak dei egiten die zaleei, taldea animatzera hurbildu daitezen, bosgarren garaipena lortzeko ezinbestekoa izango baita zaleen babesa.