Elorri Aldapak jokaturiko zazpi partidak irabazita amaitu du lehen itzulia
Ostiralean 19:45ean Astigarragako Mundarroren zelaian ekingo diote bigarren itzuliari
Elorri Aldapak zazpi garaipen lortu ditu jokaturiko zazpi partidetan. Larunbatean lehen itzuliko azken neurketa izan zuten Eibar Saskibaloiaren aurka eta 80 eta 51 irabazi zuten. Tranpa modura definitu daitekeen partida zuten aurrean alegiarrek. Sailkapeneko azkenaren aurka jokatzen zuten baina baja batzuk ere bazituzten. Aurreko partidetan minutu gutxiago izan dituzten jokalariek jokatzeko aukera izan zuten eta taldeko arduradunak pozik agertu dira eman zuten mailarekin eta erantzukizuna hartu behar zen unean hartzeko izan zuten ausardiagatik.
Partida trabatua izan zen orokorrean. Aurkariak gabezia teknikoak defentsa gogor eta une batzuetan zikin samarrarekin estali nahi izan zituen eta lehen minutuetan kosta egin zitzaion Elorri Aldapari. Lehen laurdena 12nako berdinketarekin amaitu zen baina bigarrenean alegiarren gaitasun fisikoa nagusitu zen eta beraien ohiko jokoa eginez, markagailuan tartea zabaltzea lortu zuten. Erasoan aukera ezberdinak baliatu zituzten kanpotik zein barrutik jokatuz eta horrek zalantzak sortu zizkion aurkariari. Horren lekuko da lehen laurdenean 12 puntu soilik sartzea eta azken markagailua 80 eta 51koa izatea.
Giro polita izan zen Elorri pilotalekuan. Ohiko Hiruko Jokoaz gain, atsedenaldiaren aurretik partida ikustera joan zirenen artean, Larreta Esnekiak etxeak eskainitako produktu sorta baten zozketa egin zen. Datozen etxeko partidetan beste hainbat babesleren produktuen zozketak egingo dira eta horrenbestean, zaleei partidak ikustera joaten jarraitzeko deia egiten zaie. Bide batez, babesleen laguntza ere eskertu nahi du taldeak.
Ostiralean bigarren itzulia
Alegiarrek ostiralean ekingo diote bigarren itzuliari. Astigarragako Mundarroren kantxan ariko dira 19:45etik aurrera. Alegiarrak lehen postuan dira 14 punturekin eta Astigarragako taldea laugarrena da 10 punturekin. Lehen itzulian 89 eta 49 irabazi zuen Elorri Aldapak. Lehen itzulian lortutako zazpi garaipenei balioa emanez baina harrokeriarik gabe joango dira Elorri Aldapakoak Astigarragara, ahal den neurrian zortzigarrena lortzera.