Elorri Aldapak 56 eta 28 irabazi zion Erroibide Iruni
Sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute bederatzi garaipenekin eta asteburuan atsedena izango dute
Elorri Aldapa saskibaloi taldeak garaipen berri bat lortu zuen larunbatean. Erroibide Irun taldearen aurka jokatu zuten alegiarrek eta 56 eta 28 irabazi zuten. Denboraldi osoan jokatu duten partidarik trabatuena izan zuten alegiarrek eta hori neurri handi batean, aurkariaren joko motak eragin zuen. Jokatzera baino, ez jokatzera gehiago jardun zuten irundarrek eta une askotan gogortasun gehiegirekin ere aritu ziren.
Dena den, Elorri Aldapak aurkitu zuen proposamen horri aurre egiteko modua eta puntu gutxira jokatu zen partida izan arren, hasieratik hartu zuten aurrea. Lehen laurdena 21 eta 10 amaitu zen eta atsedenaldi luzera 31 eta 11 iritsi ziren. Hirugarren laurdenak 40 eta 23 amaitu zen baina azken hamar minutuetan berriz ere gehiago izan ziren alegiarrak eta 56 eta 28 amaitu zen neurketa.
Elorri Aldapak lidertzan jarraitzen du jokaturiko bederatzi partidak irabazita. Asteburuan atsedena izango dute eta hilaren 16an itzuliko dira lehiara, sailkapeneko bigarrena den AZ Casa de la Riojaren aurka 20:00etan Donostian jokatzeko. Taldeak eskerrak eman nahi dizkie larunbateko partidara hurbildu ziren zaleei eta baita Balerdipeko Erleak etxeari ere, atsedenaldiko zozketarako produktu sorta bidaltzeagatik.