Elorri Aldapak porrotarekin ekin dio bigarren faseari
Larunbatean Mondragon Unibertsitatearen aurka jokatuko dute Elorrin 16:15etik aurrera
Elorri Aldapak 78 eta 50 galdu zuen Bosteko Irauliren aurka bigarren faseko lehen partidan. Bigarren mailako bi talderik onenak aritu ziren elkarren aurka larunbatean eta alegiarrek ezin izan zuten euren mailarik onena eman. Donostiarrek maila handiko jokalari pare batekin min egiteko aukera izan zuten eta markagailuan hasieratik zabaldu zuten tartea. Lehen laurdena 29 eta 20 amaitu zen eta atsedenaldi luzera 48 eta 29 iritsi ziren. Alegiarrak faltekin ere azkar kargatu ziren eta horrek ere baldintzatu zuen neurri batean partida. Azken bi laurdenetan partidaren joera ez zen aldatu eta azkenerako, 78 eta 50 amaitu zen neurketa.
Larunbatean bigarren jardunaldiko neurketa izango dute alegiarrek etxean 16:15ean. Mondragon Unibertsitatea taldearen aurka ariko dira. Alegiarrak bigarrenak dira sailkapenean eta aurkaria laugarren dago. Elorri Aldapakoek bazekiten bigarren fase honetan aurkarien mailak gora egingo zuela eta larunbateko partidari begira, ahalik eta lehiakorrenak izatea eta beraien jokoa eginez partida irabaztea izango dira helburuak. Hori lortzeko, ezinbestekoa izango da zaleen babesa eta horrenbestean, zaleei partidara hurbiltzeko gonbitea luzatzen zaie taldetik. Ohi bezala, hiruko jokoa izango da atsedenaldian.
Hiruko jokoa
Gogoan izan, etxean jokatzen dituen partidetan, Elorri Aldapak jolas bat antolatzen duela atsedenaldian. Ikusleek izena eman dezakete eta hiruko bat botatzeko zozketan sartzen dira. Zozketan egokitzen den pertsonak jaurtiketa sartzen badu, Isastegi sagardotegiko produktu sorta eta pilatutako zakua irabazten ditu. Sartzen ez badu, Isastegiko sagardotegiko produktu sorta. Beraz, taldetik zaleak partida ikustera eta jokoan parte hartzera animatu nahi dira.