Elorri Aldapak 81 eta 53 irabazi zion ZAST Zarautzi
Igandean Modelos Modelberriri egingo diote bisita 13:00ean Elgoibarren
Elorri Aldapak denboraldiko bosgarren garaipena lortu zuen larunbatean. ZAST Zarautzen aurkako liga partida izan zuten eta 81 eta 53 irabazi zuten. Multzoko talderik txukunenetako bat dela erakutsi zuen ZASTek lehen zatian. Elorri Aldapa estu hartu zuten hainbat unetan eta joko maila ona erakutsi zuten. Alegiarrei ohikoa baino gehixeago kosta zitzaien partidari neurria hartzea baina behin neurketaren irakurketa zuzena eginda, ohikoa duten intentsitatearekin jokatu zuten, lan asko eginez. Aipatzekoa da taldeak 5 baja zituela baina hala ere, 10 jokalarirekin lehiatzeko aukera izan zuten. Hori da aurtengo Elorri Aldaparen bertuteetako bat. Talde luzea dutela. Eta horri, jokalari guztien inplikazioa, ahalegina eta lehiatzeko grina erantsita, ematen ari diren maila ematea lortzen da. Taldeko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete jokalari guztiei, aurreko urteetatik daudenei eta berriei, inplikazio maila horrengatik eta sortu duten talde giro onagatik.
Aipatu bezala, lehen minutuetan ohikoa baino gehiago kosta zitzaien alegiarrei beraien erritmoa ezartzea. Aurkariaren maila, epaileen irizpideak, jaurtiketa libreetako akatsak… Hainbat izan ziren hori eragin zuten faktoreak baina hala ere, une oro aurretik izan ziren markagailuan eta atsedenaldi luzera 36 eta 24 aurretik iritsi ziren.
Hirugarren laurdenean lortu zuten aurkariak baino martxa bat gehiago sartzea eta talde osoaren lan nekaezinari esker, defentsan baloiak lapurtu eta kontraerasora azkar ateratzeko aukera izan zuten. Horri, jokalari batzuk hiruko marratik izan zuten zorroztasuna gehituta, markagailuan aldea zabaldu zuten, azkenerako 81 eta 53 irabaziz.
Aipatzekoa da aldi berean, harmailetan sortu zen giroa. Ohiko ikusleekin batera, Elorri Aldapako jokalari lazkaotar baten kuadrillakoek etengabe animatu zuten taldea eta hori da zuzendaritzako kideek etxeko partidetan nahi duten giroa.
Igandean jokatuko dute seigarren jardunaldiari dagokion partida 13:00etan
Elgoibarren. Modelos Modelberri izango dute aurkari. Elgoibartarrak laugarrenak dira
sailkapenean, hiru garaipenekin.