Elorri Aldapak 89 eta 48 irabazi zion Astigarragako Mundarrori denboraldiko lehen partidan

Elorri Aldapak 89 eta 48 irabazi zion Astigarragako Mundarrori denboraldiko lehen partidan

Partida osoan alegiarrek ezarritako erritmo altua izan zen hain garaipen zabala lortzeko giltzarri nagusia

Elorri Aldapak modu paregabean ekin dio 2023-2024 denboraldiari. Larunbatean Astigarragako Mundarro taldearen aurka jokatu zuten eta 89 eta 48 irabazi zuten. Azken markagailuak tarte zabala erakusten du baina lehen minutuetan gauzak estu izan ziren. Lehen laurdenean Astigarragakoek bost hiruko sartu zituzten eta lehen hamar minutu horiek 20 eta 22 amaitu ziren. Bigarren laurdenetik aurrera hasi zen balantza alegiarren aldera desorekatzen. Erritmo altua ezarri zuten defentsa gogor bat eginez eta horrek korrika egiteko aukera ugari eskaini zien. Horren ondorioz, 17 eta 7ko partziala egin eta atsedenaldira 37 eta 29 iritsi ziren.

Hirugarren eta azken laurdenetan bide beretik jarraitu zuen neurketak, Elorri Aldapa oso nagusi izanez. Taldeko ordezkariak pozik azaldu dira lehen partidan emandako itxurarekin. Jokalari guztiek minutuak izan zituzten eta hainbat jokalari berriak direla kontuan izanda, entrenamenduetan landutakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten eta ez zen lesiorik izan.

Lehen garaipen hori lortuta, larunbatean 20:00etan Erroibide Irunen kantxan jokatuko dute. Irundarrek galdu egin zuten lehen partida 69 eta 59. Elorri Aldapakoek argi dute partida guztiak ez direla larunbatekoa bezalakoak izango. Asteburu bakoitzean erronka berri bat izango dute, arerioaren eta jokatzen den lekuaren araberakoa. Ez die balio erakustaldi bat eman ostean itxura eskasa emateak. Erregulartasuna dute helburu eta hori izango da denboraldi berrirako dituzten jomugak lortzeko gako nagusia.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>