Elorri Aldapak garaipenarekin hasi du urtea
Hernaniren aurka 75 eta 65 irabazi zuten eta asteburuan ez dute partidarik izango
Elorri Aldapak garaipenaren bidera itzulita hasi du 2024 urtea. Hernaniren aurkako partida izan zuten larunbatean Elorrin eta 75 eta 65 irabazi zuten. 2023ko azken partidan denboraldiko lehen porrota jaso zuen taldeak eta partida hartan gertatutakoak akuilu lana egin du taldean. Jokalariei min eman zien porrot hark eta gabonetako oporraldia hausnarketarako eta lanerako baliatu du Elorri Aldapak.
Porrot hartatik ondorio garbi bat atera zuten. Lanik gabe jai dagoela eta edonoren aurka galdu daitekeela. Bada, gauza txarrek ere badute bere alde ona eta urte berriko lehen partidari begira gauzak oso ondo prestatu zituzten. Egiari zor, lauzpabost bajarekin iritsi ziren Hernaniren aurkako partidara baina zeuden jokalariek maila oso ona eman zuten eta talde lan horrek ahalbidetu zuen neurri handi batean garaipena lortzea.
Hernaniarrak bolada on batean eta gogotsu iritsi ziren Alegiara. Hasierako minutuetan beraiek izan ziren erritmoa jartzen saiatu zirenak baina Elorri Aldapak pixkanaka lortu zuen partidan sartzea eta bere erritmoa ezartzea. Lehen laurdena 28 eta 18 amaitu zen eta atsedenaldi luzera errenta mantenduz iritsi ziren. Bigarren zatian gauzak antzeko mantendu ziren eta azkenerako, 75 eta 65 amaitu zen partida.
Elorri Aldapak lidertzan jarraitzen du 21 punturekin lehen fasea amaitzeko hiru jardunaldiren faltan. Asteburuan atsedena izango dute eta hurrengo partida urtarrilaren 27an jokatuko dute Zarautzen. Partida hori eta Elgoibarren aurka etxean jokatuko dituztenetan emaitza onak lortuta, igoera fasera oso egoera onean sailkatuko dira.