Elorri Aldapak partidarik galdu gabe jarraitzen du
57 eta 84 irabazi zuten Modelos Modelberriren aurka eta larunbatean 16:15ean Eibarren bisita
izango dute Elorri pilotalekuan
Elorri Aldapak sei partida ofizial jokatu ditu aurtengo denboraldian eta guztiak irabazi ditu. Asteburuan Elgoibarko Modelos Modelberri taldearen kantxan jokatu zuten eta 57 eta 84 irabazi zuten. Partidari ondo ekin zion talde alegiarrak, serio eta talde modura jokatuz. Lehen minutu horietan kanpoko jaurtiketekin ere asmatu zuten eta horrek aurkaria defentsa zabaltzera behartu zuen. Modu horretan, Elorri Aldapak barrutik zein kanpotik jokatzeko aukera izan zuen, erasoan aukera ezberdinak baliatuz.
Modelos Modelberrik maila handiko bi jokalari ditu eta horiek mina egin zuten hainbat unetan. Dena den, Elorri Aldapak lortu zuen jokalari horien jarduna zaintzea eta markagailuko aldeari eustea. Lehen laurdena 11 eta 26 amaitu zen eta atsedenaldi luzera 28 eta 42 iritsi ziren.
Hirugarren laurdenean ezarri zuen Elorri Aldapak orain arte hain emaitza onak eman dizkion erritmo altua. Defentsako lana zorroztearekin batera, korrika egiteko aukera izan zuten eta modu horretan nabarmen zabaldu zuten markagailuko tartea. Eraginkortasun horrekin, aurkaria menpean izan zuten eta elgoibartarrek besoak jaitsi eta amore eman zuten une horretatik aurrera.
Azken minutuetara alde oso handiarekin iritsi zen Elorri Aldapa baina azken bost minutuetan emandako mailarekin ez dira oso pozik agertu taldeko arduradunak. Taldea guztiz erlaxatu zela adierazi dute eta gutxi behar izan zutela partidatik ateratzeko. Markagailuko aldeak behera egin zuen eta partida horretatik zerbait ikasi dutela esan dute. Egoera horiek kudeatzen ikasteak, horrelako akatsak ekiditea ekarriko du, ia irabazita dauden partidak arriskuan jarri gabe. Taldea erlaxatzen bada, edonork irabazi diezaioke.
Larunbatean 16:15ean zazpigarren jardunaldiko partida jokatuko du Elorri Aldapak etxean. Sailkapeneko azkena den Eibar Saskibaloia izango dute aurkari eta beste garaipen bat lortzeko aukera ona izan daiteke multzoko liderrarentzat. Gogoan izan, partidaren atsedenaldian Hiruko Jokoa egingo dela eta partida ikusten dagoen zaleren batek hiruko bat jaurti eta sariak irabazteko aukera izango duela. Horrez gain, atsedenaldi luzea baino lehen partida ikustera joaten diren guztien artean, Larreta esnekien produktu sorta baten zozketa egingo da.