Elorri Aldapak 61 eta 64 galdu zuen Mondragon Unibertsitatearen aurka partida oso estu batean
Arauzko denbora berdinketarekin amaitu ostean luzapenean egin zien ihes garaipenak alegiarrei
Garaipenaren aho zapore gozotik bezain hurbil egon zen larunbatean Elorri Aldapa porrotaren zapore mingotsetik. Alegiarrek Mondragon Unibertsitatearen aurkako liga partida izan zuten eta lehia estua espero bazen atarikoan, aurreikuspen guztiak bete zituzten bi taldeek. Kontaktu handiko partida izan zen hasiera hasieratik. Defentsak gailendu ziren erasoen aurrean eta lehen bi laurdenetan ondo moldatu zen Elorri Aldapa partida gogor horretan, atsedenaldira 28 eta 21 aurretik iritsita.
Partidak ildo beretik jarraitu zuen hurrengo bi laurdenetan ere baina azken segundoetara 52nako berdinketarekin iritsi ziren eta Elorri Aldapak partida irabazteko aukera izan zuen arren, azkenerako luzapenera joan zen partida. Luzapenaren hasieran arrasatearrek bi hiruko sartu zituzten zortea lagun izanez eta hortik aurrera, Elorri Aldapak nahi izan zuen arren, ezin izan zuen markagailua irauli. Azkenerako 61 eta 64 amaitu zen partida.
Garaipena eskura izan zutenaren sentsazioarekin geratu ziren jokalariak baina egindako partida zinez duina izan zen eta bide horretatik jarraituta, iritsiko dira azken asteetan garesti jartzen ari diren garaipenak. Horretarako hurrengo aukera azaroaren 5ean izango dute alegiarrek. Orain astebeteko atsedena izango dute eta azaroaren 5ean AZ Casa de la Rioja taldearen bisita izango dute Elorrin 17:00etatik aurrera.
Taldeak eskerrak eman nahi dizkie, beste behin ere, Elorriko harmailetan bildu eta taldea animatzen aritu ziren zaleei.
Hiruko jokoa
Gogoan izan, etxean jokatzen dituen partidetan, Elorri Aldapak jolas bat antolatzen duela atsedenaldian. Ikusleek izena eman dezakete eta hiruko bat botatzeko zozketan sartzen dira. Zozketan egokitzen den pertsonak jaurtiketa sartzen badu, Isastegi sagardotegiko produktu sorta eta pilatutako zakua irabazten ditu. Sartzen ez badu, Isastegiko sagardotegiko produktu sorta. Beraz, taldetik zaleak partida ikustera eta jokoan parte hartzera animatu nahi dira.